Mendialdeko larre eta sastrakadiak Naturarentzako Mundu Funtsak (World Wildlife Fund, WWF) definitutako bioma bati ematen zaion izena da. Bioma honek mundu osoko altitude handiko belartza eta sastrakadi menditar, subalpetar eta alpetarrak hartzen ditu barne.
Zuhaitz-mugatik gora kokatutako mendiko belardi eta sastrakadiei tundra alpetar deritze normalean, eta mundu osoko eskualde menditarretan ageri dira.
Ekosistema hauek, batez ere eskualde subtropikal eta tropikaletan, uharte modura eboluzionatzen dute askotan, gainerako eskualde menditarretatik bereizita, eta sarritan landare endemikoen bizileku izan ohi dira. Landare hauek mendiko klima fresko eta hezeari eta tropikoetako argitasun handiari moldatuz eboluzionatu dute. Ekosistema hauetako landare askok ezaugarri fisiko bereziak dituzte: erroseta egiturak, ezko-antzeko azalerak eta hosto iletsuak.
Mendiko belardi eta sastrakadi zabalenak Andeetako Paramoan daude. Bioma hau Afrika erdialde eta ekialdeko mendietan ere ageri da, bai eta Borneoko Kinabalu mendian, India hegoaldeko mendi altuenetan eta Ginea Berrian ere.
Baldintzak lehorragoak diren tokietan mendiko belardi, sabana eta basoak ageri dira, Etiopian bezala, edo mendiko estepak, Tibetean bezala.